NOLA FUNTZIONATZEN DUTE?

Pentsioak ordaintzen dituzten BGAE-en xedea da aldizka errenta moduan jasotzen den (urtean 14 ordainsari) Gizarte Segurantzaren pentsio publikoa osatzea. Ildo horretan, BGAE-en prestazioak ere aldizka eta errenta moduan kobratzea izango litzateke aukerarik onena, helburu berberarekin.

Komenigarria da honako gai hauek kontuan hartzea:

Normalean babestuta dauden egoerak

  • Erretiroa
  • Ezintasun iraunkorra
  • Heriotza
  • Gaixotasun larria
  • Iraupen luzeko langabezia

Erreskate-eskubidea

Banakako eta elkartutako BGAE-etan berreskuratu daitezke, oro har, eskubide ekonomikoak, BGAE bati lehen ekarpena egin zitzaion egunetik 10 urte igaro ostean.

Fiskalitatea

  • Hartzekoetan (prestazioak eta erreskateak), (i) enpresa-ekarpenei eta -kontribuzioei dagokien zatia eta (ii) lortutako errentagarritasunari dagokion zatia bereizten dira; horrela, lehenengo zatiak lanaren etekin gisa tributatuko du, eta lortutako errentagarritasuna kapital higigarriaren etekin gisa.

  • Kapital gisa jasotako zenbatekoen % 70eko integrazio-ehunekoa ekarpenei eta kontribuzioei dagokien zatiari bakarrik aplikatuko zaio. Hala ere, 2025eko abenduaren 31n indarrean zegoen araudia ( % 60ko integrazioa) 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen egindako ekarpen eta kontribuzioen ondorioz kapital gisa jasotako prestazioen zatiari aplikatu ahal izango zaio.

  • Oro har, salbuetsita geratzen da errenta gisa jasotako prestazioen errentagarritasuna, baldin eta eratutako errenta biziartekoa bada, edo, aldi baterakoa bada, gutxienez 15 urteko iraupena badu eta zenbateko konstantea badu; nolanahi ere, arrazoi tekniko eta finantzarioek eragin ditzaketen aldaketak gerta daitezke, baina Araban eta Gipuzkoan salbuespena errenta gisa jasotako prestazioaren zenbatekoaren % 40ra mugatzen da.

  • Errentagarritasun positiboa subsidiarioki kalkulatzeko metodo bat ezartzen da, BGAEak Zerga Administrazioari eskubide ekonomikoen errentagarritasunari buruzko informazioa eman ez dionean (prestazioen jasotzailearen antzinatasun-urte bakoitzeko jasotako prestazioaren zenbatekoaren % 1, % 35eko mugarekin) edo, hala badagokio, hartzaileak gizarte-aurreikuspeneko sisteman duen antzinatasunari buruzko informazioa eman ez dionean (jasotako prestazioaren % 25).

  • Desgaitasunen bat duten pertsonek beren eskubide ekonomikoak errenta gisa jasotzen badituzte, lanbide arteko gutxieneko soldata halako hiru arteko salbuespena izango dute, baldin eta legez desgaituak badira.

Informazioa

Ekarpenak

Prestazioak

Jakin beharko zenukeen guztia

Araudia