ZER DA BGAE BAT?

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak (BGAE) irabazi-asmorik gabeko eta borondatezko erakundeak dira, beren bazkideak babesteko sortuak, eta Eusko Jaurlaritzak kontrolatzen eta gainbegiratzen ditu.  Gainera, BGAE-en kontuak profesional independenteek ikuskatzen dituzte urtero.

Beraz, BGAEak EAEko erakunde propioak dira, eta Gizarte Segurantzaren pentsioen osagarriak diren pentsioak ordaintzea dute helburu nagusi.

Gráfica Jubilación-EPSV

Pentsio-planek eta BGAE-ek helburu bera dute: pentsio publikoa osatzea. Hala ere, zenbait alde daude haien artean. BGAEak honelakoak dira:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko tresna propio eta espezifikoa da, eta Eusko Legebiltzarretik eta Eusko Jaurlaritzatik datorren EAEko araudiak arautzen du.
  • BGAE-ek nortasun juridiko propioa dute eta ez dute erakunde kudeatzailerik behar beren ondarea administratzeko.
  • Ez dute irabazi-asmorik.
  • Gobernu-organoak bazkideek osatzen dituzte, eta osaera demokratikoa dute.
  • Eusko Jaurlaritza arduratzen da horiek gainbegiratzeaz eta kontrolatzeaz, eta ez Estatuko Administrazioa.

Abantailak

Ona da BGAE bat izatea, zure eta zure familiaren bizi-kalitatea mantentzen lagundu ahal baitizu erretiroa hartzen duzunean, bai eta zerga-onurak lortzen ere ekarpenak egiten dituzunean.

Gainera, BGAE bat izateko ez da ezaugarri berezirik izan behar. BGAEak pertsona guztientzat dira baliagarriak, pentsioen kontu horrek herritar guztiengan baitu eragina.

Motak

BGAE guztiak ez dira berdinak. Hala, pentsioak ordaintzen dituztenen artean, enpleguko BGAEak (enpresen baitan sortuak), banakakoak (finantza-erakundeek sustatuak) eta elkartuak (taldeek eta elkarteek sustatuak) bereiz ditzakegu. Horrez gain, bereizi gabeko BGAE-ek, hau da, pentsioak ordaintzen ez dituztenek, ehorzketen, itsasontzien kroskoen, etxebizitzen eta abarren gastuak estaltzen dituzte.

Nola eta non inbertitzen dute BGAE-ek?

BGAE-ek ezin dute nahi duten lekuan eta moduan inbertitu, alegia, legeak onartzen dituen aktiboetan bakarrik inberti dezakete (zor publikoa, akzioak, bonuak, higiezinak, etab.), legeak ezarritako ehunekoen barruan, betiere inbertsio printzipioen deklarazioan (IPD) jasotzen den inbertsio-politikaren arabera. Deklarazio hori erakunde bakoitzeko gobernu-organoek onesten dute.

BGAE baten helburua bazkideei pentsio osagarriak ordaintzea da, eta hori ez da bateraezina Euskal Autonomia Erkidegoko aktiboetan inbertitzearekin, betiere legeak gai jotzen baditu eta lehen mailakoak badira. Zehazki, BGAE-ek beren ondarearen zati bat EAEn inbertitzen dute. Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen ekonomiko eta sozialarekiko konpromiso sendoaren erakusgarri da hori.

Ekarpenak eta Prestazioak

Ekarpenak hainbat BGAEren bidez egin daitezke. Lan egiten duzun enpresak edo sektoreak BGAEa badu, BGAEari egingo zaion ekarpena hartuko da kontuan (EAEko biztanleria aktiboaren ia erdiak du enpleguko BGAE bat). Ekarpen hori, normalean, enplegatzaileak eta enplegatuak egiten dute, zati berdinetan eta beti langilearen alde; nolanahi ere, pentsio publikoa osatze aldera, beti egin daiteke ekarpena banakako BGAE batean.

Komenigarria da lan-jarduera hasten denetik hastea BGAE bati ekarpena egiten, eta egokiena izango litzateke zure azken soldataren % 20ra arte iristeko adinako ekarpenak egitea (kalkulatu zure ekarpena), bai eta ekarpen jarraituak egitea ere (ez utzi urte amaierarako). Gainera, pentsioak ordaintzen dituzten BGAE-ei egindako ekarpenek zerga-pizgarriak dituzte. Ikusi BGAE-en zerga-araudia.

BGAE batetik kobratu ahal izango da BGAEaren estatutuetan ezarritako inguruabarren bat gertatzen denean (normalean, erretiroa, ezintasun iraunkorra, heriotza, gaixotasun larria edo iraupen luzeko langabezia).

Hala ere, banakako edo elkartutako BGAE-etan ere berreskuratu daitezke, oro har, eskubide ekonomikoak, BGAE bati lehen ekarpena egin zitzaion egunetik 10 urte igaro ostean; kasu horretan ez da beharrezkoa aipatu inguruabaretakoren bat gertatzea (erreskate-eskubidea esaten zaio horri).

BGAE batek ordaindutako zenbatekoak, hasiera batean, errenta (aldizkako ordainketak, adibidez, hilean behin), kapital (behin bakarrik) edo modalitate misto (aurreko bi modalitateak konbinatuta) moduan kobra daitezke, baina modurik gomendagarriena lehenengoa da, hau da, hilero kobratzea, pentsio publikoaren antzekoa delako.

Oro har, BGAE batetik jasotako kopuru guztiek ordaindu behar dute pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, lan-etekin moduan, eta jasotzen diren moduaren arabera integratzen dira. Ikusi ekarpenen eta prestazioen fiskalitatea.

Euskadiko BGAE-en Federazioa

BGAEak elkarren artean taldeka daitezke. Izan ere, Euskadiko BGAE-en Federazioa borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen (BGAE) EAEko talderik garrantzitsuena da.

Federazio horrek, funtsean, 3 funtzio betetzen ditu: BGAEak ordezkatzen ditu erakunde publikoen aurrean (Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza eta foru-aldundiak) eta gizarte-aurreikuspenarekin zerikusia duten bestelako erakunde eta instituzioen aurrean; borondatezko gizarte-aurreikuspenaren sektorea ordezkatzen du Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluan; eta gizarte-aurreikuspenaren zabalkundea eta horren inguruko prestakuntza sustatzen ditu, hala badagokio, eskatzen duten pertsonei laguntza tekniko orokorra emanez.

Euskadiko BGAE-en Federazioak ere ez du irabazi-asmorik, eta bazkideen kuotekin —federatutako BGAEak dira bazkideak— eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza txiki batekin finantzatzen da.

Ez da derrigorrezkoa federatzea, baina BGAE garrantzitsuenak federatuta daude.

Zerbitzuak

Euskadiko BGAE-en Federazioak oinarrizko laguntza teknikoa (juridikoa, finantzarioa, fiskala, etab.) ematen die herritar guztiei, BGAE-en datu esanguratsuenen berri ematen du eta prestakuntza-ikastaroak egiten ditu.

Adibideak

Jarraian, adibide batzuk ditugu, planen, ekarpenak egiten dituztenen adinaren eta kobratuko diren kopuruen arteko aldeak hobeto ikusteko.

  1. adibidea

Partikularren ekarpen-plana

Amaiak eta Patxik BGAE bati ekarpena egitea erabaki dute, erretiroa osatzeko. Amaiak, zuhurtziaz, erretiroa hartzeko 40 urte geratzen zaizkionean egitea erabaki du, hilean 100 €, eta Patxik, ostera, erretiratzeko 10 urte geratzen zaizkionean, hilean 400 €.

Bi kasuetan, aurreikuspen-planari egindako ekarpenaren guztizko zenbatekoa berdina da: 48.000 €.

Urtean % 3,5eko errentagarritasunarekin, Amaiak 104.000 €-tik gorako ondarea izango du erretiroa hartzeko unean, eta Patxik 57.000 €-koa.

2. adibidea

Enpresaren eta langileen arteko enplegu-plana

Hilean 400 €-ko errenta kobratzeko, 25 urterekin hasi eta 65 urterekin erretiroa hartzen badugu, eta % 3,5eko errentagarritasuna badugu, hilero 78 € inguru jarri beharko genituzke, guk ordaindu gabe lortu duguna % 53 baita.

Aldiz, 55 urterekin hasten bagara, ahalegina handiagoa da, lortzen ditugun errendimenduak askoz txikiagoak direlako.

Hileko errenta bera lortzeko (400 €) 7 aldiz gehiago jarri beharko genuke (562 € inguru), eta guk ordaindu gabe lortu duguna % 15era jaitsiko litzateke.

Informazioa

Ekarpenak

Prestazioak

Jakin beharko zenukeen guztia

Araudia