BGAEei buruz

Zer dira BGAEak?

BGAEak Euskal Herrian irabazi asmorik gabe borondatez sortutako erakundeak dira, bazkideak hainbat egoeratan babestu ahal izateko helburuarekin sortutakoak.

Zertarako balio dute BGAEek?

BGAEek funtsean Gizarte Segurantzak ordaindutakoez gain pentsio osagarriak ordaintzen dizkiete bere abonatuei; erretiroa iritsitakoan, bazkideak lanean ari zenean jaso zuen azken soldatako kopuruaren ahalik eta zenbatekorik antzekoena jasotzen laguntzea da helburua.

Gainera, bada beste BGAE mota bat pentsiorik ordaintzen ez duena; desberdindu-gabekoak dira, eta bazkidearen ehorzketaren edo etxebizitza, itsasontzi eta abarretan gertatutako kalteen gastuak ordaintzen dituzte.

 

BGAE guztiak berdinak al dira?

Ez, pentsioak ordaintzen dituztenen artean, honako hauek bereiz ditzakegu: enplegu BGAEak (enpresen baitan sortuak), banan-banakakoak (finantza erakundeek sustatuak), eta elkartutakoak (talde eta elkarteek sustatuak).

Badira BGAE desberdindu-gabekoak ere, eta babesa eskaintzen dute ehorzketa, itsasontzien krosko, etxebizitza eta abarrengatik sortutako gastuetan.

Ona al da BGAE bat izatea?

Bai, BGAE batean dauzkazun eskubide ekonomikoek lagundu egingo  dizutelako erretiroa hartzen duzunean zure bizi kalitatea eta zure etxekoena mantentzen, eta baita ekarpenak egiten dituzunean zerga-onurak jasotzen ere.

Zeini komeni zaio BGAE batean ekarpenak egitea?

Hasiera batean, jende guztiari, pentsioen arazoa herritar guztion arazoa baita.

Noiz has gaitezke ekarpenak egiten?

Lan jarduera batean hasi orduko komeni da BGAE batean dirua jartzen hastea.

Nola egin ditzakegu ekarpenak?

Zuk lan egiten duzun enpresan edo sektorean BGAE bat baldin badago, BGAEan dirua jartzea aurreikusita egongo da (euskal biztanlego aktiboaren ia erdiak enpleguko BGAE bat dauka); eskuarki enplegatzaileak eta enplegatuak ordaintzen dute erdi bana, eta betiere langilearen mesedetan.

Nolanahi den ere, beti dago aukera banan-banakako BGAE batean ekarpena egiteko, pentsio publikoa osatu eta azken soldataren antzekoa izateko helburuarekin.

Zenbateko ekarpena egitea komeni da?

Zure azken soldatako %20ra iristeko kopuru nahikoa.

Noiz kobra daiteke BGAE batetik?

Baldin eta BGAEaren estatutuetan aurreikusitako gertaeraren bat suertatzen bada: eskuarki, erretiroa, desgaitasun iraunkorra, heriotza, gaixotasun larria edo iraupen luzeko langabezia izaten dira.

Halaber, banan-banakako eta elkartutako BGAEetan eskubide ekonomikoak berreskuratu egin litezke, era orokorrean, BGAE batean lehenengo ekarpena egiten hasi eta 10. urtetik aurrera.

Nola kobra daiteke BGAE batetik?

Hasiera batean, honelako eran: errenta (aldian behingo ordainketak, esaterako, hilean behingoak), kapitala (dena batera) edo mistoa (aurreko bi modalitateak konbinatuz).

Zergak ordaintzen al dira BGAE batetik kobratzerakoan?

Bai, BGAE batetik jasotako kopuru guztiek lan-errendimendu bezala ordaintzen dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan. Begiratu fiskalitatea atala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren zerga -gida.

Ba al da BGAErik Euskaditik kanpora?

Ez, BGAEak Euskal Herriko bertako erakunde bereziak dira. Hala eta guztiz ere, badituzte antzekotasunak Espainiako Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitatekin edo Europako pentsio funtsekin, hots, IORPekin.

Zer araudiren arabera zuzentzen dira BGAEak eta nork kontrolatzen ditu?

BGAEak Eusko Legebiltzarra eta Jaurlaritzatik datozen arauen arabera zuzentzen diren euskal erakundeak dira. Eusko Jaurlaritzari dagokio BGAEak kontrolatu eta ikuskatzea.

Seguruak al dira BGAEak?

1983an sortu zirenetik, BGAEek ez dute inoiz ere kaudimen arazorik izan; inbertsioak gauzatzeko jarraitu behar den lehenengo irizpidea inbertsioak seguruak izatea da.

Zertan inbertitzen dute BGAEek?

BGAEek Legeak egokitzat jotako aktiboetan bakarrik inbertitu dezakete (zor publikoa, akzioak, bonuak, higiezinak, eta abar) eta Legean finkatutako ehunekoen barruan.

BGAEen inbertsio politika jasota dago bakoitzari dagokion Inbertsio Oinarrien Adierazpenetan: arrisku profila zehazten da haietan, erakunde bakoitzak inbertitzen duen aktiboen arabera.

 

BGAEek Euskadin inbertitzen al dute?

BGAEen helburua bere bazkideei pentsio osagarriak ordaintzea da; hori bateragarria da Euskal Herriko aktiboetan inbertitzearekin, betiere baldin eta Legez egokitzat jotakoak eta lehen mailakoak badira. Hain zuzen ere, BGAEek 1.200 milioi euro baino gehiago dauzkate inbertituta Euskadin; horrek erakusten du benetan sendoa dela Euskadiko Autonomia Erkidegoaren garapen ekonomiko eta sozialarekin duen konpromisoa.